Trantsizio energetikoen inguruko diskurtsoak Euskal Herrian

Krisi energetiko eta klimatiko honen aurrean, euskal gizarteak begi onez ikusten du energia berriztagarrietan oinarritutako trantsizio energetiko bat egitea. Baina azken urteotan erakundeetatik proposatu diren energia berriztagarrien proiektu nagusiek eztabaida sutsuak piztu dituzte. Gatazkari erreparatu, euskal gizartean trantsizio energetikoen inguruan dauden diskurtso sozialak aztertu eta korapiloak askatzeko gakoak identifikatu dituzte zientzialariek.

Egungo krisi globalek bultzatuta, trantsizio energetiko azkarrak egiten ari dira lurralde askotan, eta horrek gatazka ugari bultzatu ditu azken urteotan. Diskurtsoak eta jarrerak polarizatzen ari direla ikusita, EAEko eta Nafarroako hainbat gizarte-eragilerekin bildu, eta indar gehien duten hiru posizionamendu nagusiak aztertu dituzte zientzialariek: ekomodernista, desazkundearen/ekofeminismoaren aldekoa eta Green New Deal delakoa. Konponbiderako bidean, Euskal Herrian diskurtso globalek dituzten ñabardurak identifikatu dituzte:

Erakundeen eta eragile sozialen arteko deliberazio-espazio seguruak sortzea proposatzen dute, aipatu sei esparruak adostu eta trantsizioan aurrera egin ahal izateko.

Diskurtso ekomodernistak Euskal Herria energia berriztagarrien merkatuan ondo kokatzeari ematen dio lehentasuna eta ekoizpena gure lurraldean egiteko beharra azpimarratzen du. Ikuspegi produktibista du, eta egungo sistema sozioekonomikoa mantentzearen alde egiten du. 

Desazkundearen eta ekofeminismoaren diskurtsoek, ordea, trantsizio energetiko hutsa beharrean, trantsizio sozial sakon baten alde egiten dute. Logika merkantilistatik aldentzen dira eta landa-eremuak eta biodibertsitatea zaintzea dute lehentasun. Proiektu energetiko handien eta pribatizazioaren aurka azaltzen dira, energia sortzeko sistema deszentralizatuaren eta tokikoaren alde eginez. 

Aurreko diskurtsoen erdibidean, Green New Deal korronteak diskurtso pragmatikoa du: trantsizioa azkar egitea dute gakotzat, eta deskarbonizazioa, elektrifikazioa eta digitalizazioa dira haien lehentasunak. Sistema sozioekonomikoa zerbait aldatzearen alde egiten dute, desindustrializazioaren alde egin gabe. Haien ustez, energia-ekoizpenaren eredu deszentralizatua ez da nahikoa kontsumo energetikoari erantzuteko.

Hiru diskurtsoek hainbat arlotan talka egiten dutenez, oinarrizko printzipioen inguruan adostasun minimoetara iristea beharrezkotzat jotzen dute ikertzaileek. Hainbat gako identifikatu dira: (i) trantsizioaren izaera eta sakontasuna adostu beharra; (ii) justiziarekin erlazionatua, non Hego Globalarekin dugun zor ekologikoa eta Euskal Herri barruko probintzia batetik besterako kolonialismo energetikoa bera eztabaidatu behar diren; (iii) erabakietan kolektibo desberdinak eta haien beharrak aintzat hartzea; (iv) ekitatea, non konpentsazio-politikak, irabazien banaketa eta energiaren jabetza eztabaidatu behar diren; (v) orain arteko eredu produktibista eta industrialari uko egin eta zaintza erdigunean jarriko duen eredu ekonomiko bati heldu; (vi) desazkunde egituratu bat planteatzearen aukera aztertzea.

Zientzialariek erakundeen eta eragile sozialen arteko deliberazio-espazio seguruak sortzea proposatzen dute, aipatu sei esparruak adostu eta trantsizioan aurrera egin ahal izateko.


ARTIKULUAREN EGILEAK

Oihane García Santiago, Leire Urkidi Azkarraga, Josu Larrinaga Arza, Nerea Zuluaga Mauri, Iñaki Barcena Hinojal