iStockphoto

 

Egunero ariketa fisiko labur baina bizia egiteak nabarmen hobetzen du osasuna

Orain arte jakinekoa ez bazen ere, egunero zenbait aldiz ariketa fisiko labur-laburrak baina biziak egitea estrategia oso eraginkorra da osasuna hobetzeko. Minbiziagatik edo gaitz kardiobaskularrengatik hiltzeko arriskua % 40 baino gehiago murrizten du. Garrantzitsua da datu hori osasun-politiketan aintzat hartzea eta bizimodu aktiboa sustatzeko baliatzea.

Orain arte, Osasunaren Mundu Erakundeak astero 150-300 minutuz ariketa fisiko lasaia edo 75-150 minutuz ariketa fisiko bizia egitea gomendatu izan du, osasun orokorra zaintze aldera. Alabaina, azken ikerketek frogatu dute ariketa bizi oso laburrak ere lagungarri direna osasuntsu egoteko.

Bizimodu pasiboa duten 25.000 pertsonari baino gehiagori jarraipena eginez, ikusi dute egunero ariketa biziko minutu bateko edo biko hiru saio labur txertatze soilak % 38-40 murrizten duela minbiziagatik eta bestelako arrazoi batzuengatik hiltzeko arriskua, eta % 48-49 gaitz kardiobaskularren eraginez hiltzekoa. Eguneroko bizitzan erraz egin daitezkeen ariketak dira: eskailerak bizi igotzea, azkar ibiltzea eta pisuak garraiatzea, besteak beste. Ariketa fisikoa gimnasioan, kirol batean zein bestelako entrenamenduetan modu egituratu batean egitea bezain eraginkorra omen da, ikerketaren arabera.

“Egunerokotasunean minutu bateko ariketa biziak txertatzeak % 38-40 murrizten du minbiziagatik hiltzeko arriskua”

Ariketa fisiko biziak inflamazioa murriztu eta bihotz-biriketako gaitasuna hobetzen du, eta horrek ondorio zuzenak ditu organismoan: bihotz-biriketako gaitasuna unitate metaboliko baten baliokidea hobetzen den bakoitzeko, % 7 murrizten da gaitz kardiobaskularrak garatzeko eta minbiziagatik hiltzeko arriskua. Bularreko, endometrioko eta koloneko minbizietan, besteak beste.

Kirol-erlojuei esker jakin da hori guztia. Orain arte, 10 minututik gorako ariketa fisikoa bakarrik hartu da aintzat, eta aisialdian egiten diren kirol-ekintzekin lotu izan da. Eskumuturreko azelerometroen teknologia eramangarria garatzeak, ordea, agerian jarri du zenbateko eragina duten egunerokotasunean egiten diren ariketa laburrek.

Bizitza sedentarioari aurre

Emaitzek inplikazio handiak dituzte osasun publikoaren alorrean. 40 urtetik gorako heldu gehienek bizitza sedentarioa izaten dute, askori ez baitzaie erakargarri egiten ariketa fisiko egituratua, edo ezin baitute halakorik egin. Ondorioz, haien osasunak okerrera egiten du zahartu aurretik.

Egunerokotasunean ariketa bizi intermitenteak txertatzea, ordea, eskuragarria da edozeinentzat, ez baitu eskatzen prestakuntza fisikorik, ez instalazio berezirik ezta denbora-inbertsiorik ere. Nahikoa da egunerokotasunak eskatzen dituen ariketak modu kontzientean egitea.

Ikertzaileen ustez, garrantzitsua da osasun publikoko politikek eta gizarte-politikek aintzat hartzea emaitza horiek. Herritarrek, erosotasunaren izenean, neke-momentu txikiak dakartzaten jarduerak ekiditeko joera izaten dute egunerokoan, eta garrantzitsua da jarduera bizi horiek berriz integratzeko jarraibideak ematea. Esaterako, igogailua baztertu eta eskailerak igotzea, erosketetako poltsak garraiatzea edo etxeko lan biziak berreskuratzea. Intentsitate handiko jarduera horiek osasuna ematen dutela ulertzea biztanleriaren osasun orokorra hobetu eta gaitz larriak ekiditeko estrategia moduan baliatu daiteke.