Ingurumen-aztarnaren tresna erabili du UPV/EHUk unibertsitatearen etorkizun iraunkorragoa irudikatzeko

Euskal Herriko Unibertsitateko EHU-Aztarna taldeak unibertsitatearen ingurumen-aztarna kalkulatu du, eta aurrerantzean iraunkorragoa izateko gako nagusiak identifikatu ditu: garraio-ohiturak aldatzea eta aurrez aurreko eta onlineko jardueren arteko oreka bat lortzea. Ondorioztatu dute metodologia interesgarria izan daitekeela iraunkortasunerako bidean, goi-mailako hezkuntzako beste erakundeek ere aldaketa eraginkorrenak zeintzuk izan daitezkeen aztertzeko.

OpenLCA programa, Ecoinvent datu-basea eta CML Midpoint ebaluazio-metodologia erabili dira UPV/EHUko ingurumen-aztarna kalkulatzeko. Azterketak unibertsitateko jardueraren bizi-ziklo osoa hartu du kontuan, eta ez da karbono-aztarna neurtzera mugatu. Horretarako, inpaktu anitz kuantifikatu dira: erregai fosilen eta bestelako baliabide naturalen agortzea, uretan zein lurrean eragindako toxikotasuna, ozono-geruza murriztean duen eragina, eutrofizazioa eta azidotzea, gizakiontzat toxikoak diren partikulak igortzea, eta baita atmosferaren oxidazio fotokimikoan duen inpaktua ere.

Zehazki, unibertsitateko garraioak, hondakinek, energia-kontsumoak eta material-kontsumoek aipatutako kategoria horietan guztietan duten inpaktua neurtu dute.

Emaitzen arabera, garraioa da inpaktu kategoria gehienetan ekarpen handiena duen jarduera, nabarmenki: % 60 ingurukoa. Izan ere, batez ere hiritik kanpo dagoen kanpusean –Leioan–, garraioaren ia laurdena auto pribatuz egiten da. Azpiegitura informatikoek ere inpaktu handia dute: unibertsitatearen energia-gastuaren % 9,6 eragiten dute, eta azpiegitura informatikoak berritzeak eragin esanguratsua du material eta baliabide naturalen agortzean. Azkenik, unibertsitatean sortzen diren hiri-hondakinak errausteak ere ekotoxikotasun-inpaktu handia du.

Hezkuntza-komunitate osoa unibertsitatearen iraunkortasunaren alde inplikatzeko erabil daiteke tresna hau

Azterketa honek iraganera zein etorkizunera begiratzeko ere balio izan du. Batetik, COVID-19aren pandemia-garaiko online klaseek eta klase erdipresentzialek eragindako onurak eta kalteak ezaugarritu dira. Bestetik, UPV/EHUren iraunkortasuna hobetzeko hainbat aukera aztertu dira: ekipamendu informatikoaren bizitza luzatzea, berokuntzarako gas naturaleko eta gasolioko galdarak bero-ponpekin ordezkatzea, hiri-hondakinak gaika biltzeko eta tratatzeko sistemak hobetzea, klimatizazio-sistemak eta ur beroaren sistemak jatorri berriztagarriko elektrizitatez hornitzea, auto pribatuaren bidezko bidaien parte bat garraio publikora aldatzea eta langile zein ikasleek lanaldiaren zati bat telelanaren bidez egitea.

Aldaketa bakoitzak inpaktu kategoria guztietan ekarriko lituzkeen onurak eta kalteak kalkulatuta, ondorioztatu dute mugikortasuna murriztea eta kolektibizatzea liratekeela neurririk eraginkorrenak. Alegia, onlineko jarduera edo telelana areagotzea eta garraio pribatua publikora bihurtzea. Alabaina, onlineko jarduerak irakaskuntzaren kalitatea kaltetuko luke. Beraz, ondorioztatu da mugikortasun-ohiturak aldatzea dela etorkizunean unibertsitatearen iraunkortasuna hobetzeko estrategia nagusia.

Ingurumen-aztarna kalkulatzea, beraz, tresna lagungarria izan daiteke ingurumenarekiko konpromisoa hezkuntza-sisteman txertatzeko. Ikertzaileen arabera metodologia hau beste hezkuntza-erakundeentzat ere baliagarria izan daiteke, erakunde bakoitzak bere inpaktua ulertzeko eta eredu iraunkorrak diseinatzeko, hezkuntza-komunitate osoa aldaketaren protagonista bilakatuz.


ARTIKULUAREN EGILEAK

Maite de Blas Martín, Estíbaliz Perez-Iribarren, Iñaki Zuazo Urionabarrenetxea, Eduardo Torre-Pascual, Ortzi Akizu-Gardoki, Iker Etxano Gandariasbeitia, Artizar Erauskin-Tolosa, Itziar Barinaga-Rementeria Zabaleta, Unai Tamayo Orbegozo, Isaac Barrio Marín, Gaizka Zulueta Roales, Gorka Bueno Mendieta