Bere bigarren zenbakirako ekarpenak jasotzeko deialdia zabaldu du InpAkta Inpaktu Sozialerako Ikerlanen Akta – Journal of Research for Social Impact aldizkari zientifikoak.

Jakintza-arlo guztietako lanak aurkeztu ahal izango dira, baldin eta ikerketak inpaktu soziala badu. Hau da, gure lurraldeko erronkei erantzuteko gizarteari, kulturari, ingurumenari edo ekonomiari nolabaiteko ekarpena egiten badio, edota nolabaiteko ekarpena egiteko potentziala badu.  

Gizarte-eragina izan dezaketen ikerketen inguruko ekarpenez gain, InpAkta aldizkariak ikerketak gizartean duen eragina aztertzen eta ulertzen laguntzen duten proposamenak ere jasotzeko gonbita egiten du hemendik aurrera. Horretarako, bi ekarpen mota berri onartuko dira:

  1. Ikerketa-proiektuek gizartean, ekonomian, ingurumenean, kulturan edo politikan duten eragina aztertzen duten lanak. Hau da, dokumentatu eta modu kritikoan aztertzen dituzten ebidentzia-bilketako lanak.
  2. Ikerketaren gizarte-eragina ebaluatzeko, frogatzeko edo indartzeko ikuspegi teoriko edo metodologikoak lantzen dituzten ekarpenak.
Gizarte-eragina izan dezaketen ikerketen inguruko ekarpenez gain, InpAkta aldizkariak ikerketak gizartean duen eragina aztertzen eta ulertzen laguntzen duten proposamenak ere jasotzeko gonbita egiten du hemendik aurrera.

Oro har, gizartean aldaketak sortzen dituen ikerketaren inguruko eztabaida akademikoa sakontzen duten ekarpen teoriko eta kontzeptualak interesatzen zaizkigu, baita aldaketa horiek nola ulertu, neurtu eta komunikatu daitezkeen aztertzen dutenak ere.

Esperientzia enpirikoak, berrikuntza metodologikoak eta hausnarketa teorikoak elkartuz, deialdi honek ikerketak gizarte-erronkei erantzuteko eta komunitateentzat, erakundeentzat eta politika publikoentzat balioa sortzeko egiten dituen ekarpenen inguruko elkarrizketa sustatu nahi du.

Ikerketa lanak euskaraz edo ingelesez aurkeztu ahal izango dira eta berdinen arteko ebaluazio-prozesu baten bidez berrikusiko dira. Ohikoa den bezala, ikerlanaren arlo espezifikoan adituak diren gutxienez bi ikertzaileengana joko da artikulu bakoitzaren errebisioa egiteko. Dagoeneko, prozesu hori gidatuko duen 50 profesionalek osaturiko erredakzio batzordea du aldizkariak. 

InpAktak bi ale argitaratuko ditu urtero, baina artikuluak onartu bezain pronto sarean ere egongo dira eskuragarri. Horrek komunitateari sarbidea erraztuko dio, ale osoa argitaratu arte itxaron beharrik gabe.

Akitania Berria, Euskadi eta Nafarroako euroeskualdeko erakunde akademiko eta zientifiko nagusiek lagundutako irabazi-asmorik gabeko argitalpen-proiektua da InpAkta. Beraz, aldizkariaren eduki guztietarako doako sarbidea eskainiko da (Open Access). Egileek egile-eskubideak gordeko dituzte eta aldizkariari lehen argitaratzeko eskubidea emango diote Creative Commons lizentziapean.

Egileentzako gidalerroen artean, nabarmentzekoa da aldizkariak ez duela artikuluak bidaltzeko kargurik edo artikuluak prozesatzeko kargurik (APC) egingo.

Aurreko zenbakietako artikuluak dagoeneko eskuragarri 

Aldizkariaren zero zenbakia 2023ko abenduan aurkeztu zen, Durangoko Azokan, eta #1 zenbakia 2025eko abenduan argitaratua da.

Artikulu zientifikoez gain, ikerlan bakoitzaren laburpen dibulgatiboago bat ere prestatzen da, Elhuyar fundazioarekin batera landuta, publiko zabalagoari edo akademiatik kanpoko agenteei zuzenduta, gure lurraldeko hiru hizkuntza ofizialetan eskuragarri dagoena.