Miren Larrea

 

RIS3: Europako erregioetan espezializazio adimenduneko estrategiak garatzeko, ezinbestekoa da erregioz azpiko gobernuak ere inplikatzea

Erregioetako industria biziberritzeko, gero eta ohikoagoa da tokiaren indarguneak eta ikerketa-lerro estrategikoak identifikatzeko prozesu partizipatiboak abiatzea. Prozesuetan botila-lepo errepikakorrak izaten dira, ordea, eta haiek ebazteko zenbait gako proposatu dituzte ikertzaileek: aldundiak, garapen agentziak eta udalak inplikatzea, gatazkak bideratzeko baliabideak eskuratzea eta giza zientzietako ikertzaileak integratzea.

Europako Batzordeak, eredu ekonomiko berri bat lortze aldera, herrialde eta erregio guztiei eskatu die identifikatu ditzatela berrikuntzan eta industrian beste herrialdeen aldean dituzten indarguneak eta abantailak. Eta, horretan oinarrituta, zehaztu dezatela zein izango diren lehentasunez finantzatu beharreko berrikuntza-lerro estrategikoak. Espezializazio adimenduneko estrategia horiek aplikatzeak globalki lehiakorragoak egingo ditu erregioak.

AEBren aldean Europak ekoizpen industrialean duen arrakalarekin kezkatuta ezarri ditu Batzordeak espezializazio adimenduneko estrategiak (RIS3), baina ez da erraza praktikan gauzatzea, parte hartzeko prozesu konplexuak izaten baitira. Ikertzaileek proposatzen dute erregioz azpiko gobernuek, RIS3an eskumenik ez duten arren, funtsezko zeregina izan dezaketela, harreman zuzena izaten baitute prozesuan inplikatutako eragile askorekin. Gertutasun eta harreman-sare horiek baliatzeak gobernantza erraztu dezake.  

Arrakastarako hiru gako

Ikerketaren arabera, prozesua eraginkorra izan dadin, ezinbestekoa da aurretik eragileen arteko sareak sortzea, elkarlanean aritu daitezen politika horiek formulatzeko garaian. Horrek erregioko gobernuen eta erregioz azpiko gobernuen arteko komunikazio zuzena eta eraginkorra eskatzen du.. EAEko lau adibide aztertu dituzte ikertzaileek maila anitzeko gobernantzaren arrakastarako gakoak identifikatzeko: Eusko Jaurlaritzak bideratutako prozesu bat, foru-aldundi batek bideratutakoa, eskualde mailakoa eta udal mailakoa. Horiek denak aztertuta, prozesuan azaldu diren arazoak gainditzeko gakoak eman dituzte.

“Erregioz azpiko gobernuek funtsezko zeregina dute RIS3a aplikatzen, eragile askorekin izaten baitute harremana”

Bestetik, enpresetako eragileek, ikertzaileek eta eragile sozialek gaitasun handia izan dezakete eskualdearen berrikuntza-indarguneak identifikatzeko. Beraz, gomendatzen dute administrazioak goitik behera ezarritako erabakiak ekiditea, eta behetik gorako ikuspegia erabiltzea. Alabaina, ikuspegi horrekin jokatzeko, ezinbestekoa ikusten dute botere-dinamikak alboratuko dituen gobernantza-eredu bat ezartzea. Prozesua konplexua izaten da, eta gatazkak sor daitezke erabakiak hartzeko unean. Beraz, ikusi dute funtsezkoa dela prozesua abiatu aurretik gatazkak ebazteko baliabideak bilatzea, prozesua arrakastatsua izango bada.

Azkenik, ikerketak agerian utzi du giza zientzietako ikertzaileek prozesuan parte hartzea ere gakoa izan daitekeela: beren ezagutza transmititu eta prozesua elkarrizketara bideratzeko jarrera hartu ohi dute, eta gobernantza-mekanismo berritzaileak bultzatu. Aldaketarako eragile aktiboak izanik, murriztu egiten dute politiken eta inplementazio praktikoaren arteko arrakala.