Herritarren begirada auzoari, jarduera fisikoa sustatzeko

Ikerketek erakutsi dute hirien eta herrien antolaketak inpaktua duela pertsonen bizi-kalitatean. Baina zein dira gure hirien indarguneak eta ahulguneak? Bilboko bi auzo ikertu dira, maila sozioekonomiko ertain-baxukoak, galdera honi erantzun nahian: zer nolako eragina du auzoaren egiturak bertan bizi direnen jarduera fisikoan eta osasunean?Herritarren laguntzarekin egin da diagnostikoa, eta prozesu horrek gizarte ahalduntzea eta ekintza bultzatu ditu.

Hiriak eta auzoak ez dira neutralak. Haien diseinuak helburu jakin bati erantzuten dio, eta ondorio zuzenak ditu bertan bizi direnengan. Besteak beste, jarduera fisikoa baldintzatzen du diseinuak. Europako hirietan sedentarismoa % 45ekoa izanik, garrantzitsua da auzoek ahalik eta gehien erraztu dezaten herritarrek egunerokoan jarduera fisikoa egiteko aukera. Horrek, noski, hiri-plangintzaren ikuspegi inklusibo bat eskatzen du.

Hiri-plangintzak ikuspegi inklusiboa behar du

Beraz, Bilboko bi auzotan burutu dute ikerketa, Uribarrin eta San Frantziskon, hain zuzen ere, herritarren jarduera fisikoa baldintzatzen duten faktoreak identifikatzeko asmoarekin. Tokiko ezagutza eta herritarren lankidetza aktiboa baliatuz, prozesuak parte-hartze izaera izan du. Bizilagunek, argazki-kamera eskutan, iruditan deskribatu dituzte euren eguneroko ibilbideak, bertan topatzen dituzten mugak, beldurrak eta indarguneak agerian emanaz. Eta noski, argazki horiek auzoaren diseinua berrikusten lagundu dute.

Diagnostiko komunitarioa

Auzoan jarduera fisikoa egiteko aukera baldintzatzen duten hainbat faktore identifikatu dituzte herritarrek:

  • Espazioei dagokienez: Kultur- eta kirol-eskaintza publikoa urria dela aipatu da, eta kezka sortu du kirol-eskaintzaren pribatizazioak.
  • Irisgarritasunari dagokionez: auzo zaurgarrietan irisgarritasun mekanikoa oraindik guztiz garatu gabe dagoela adierazi dute, eta horrek kolektibo askoren mugikortasuna murriztu dezake, batez ere auzo askok orografia maldatsua dutela kontuan hartuta.
  • Segurtasun-pertzepzioa izatea ere mugikortasun aktiboa sustatzeko lehenengo mailako baldintzatzailea da. Espazio ilunak aipatu dira: tunelak, utzitako lekuak, alkoholizatutako pertsonak biltzen dituztenak, bandalismo-guneak…
  • Baliabideen kudeaketan gabeziak hauteman dituzte: utzikeriaren ondorioz zahartu diren espazio asko daude, eta ezinbestekotzat jo da haiek berregokitu eta argiztatzea. Zerbitzuetarako eta garraio publikoaren sarbidea hobetzea eskatu dute.

Herritarren ikerketa ez da diagnostiko hutsean geratu. Prozesu parte-hartzaileak herritarrak ahaldundu ditu: euren argazkiak eta eztabaidetan oinarrituz, ondorioak idatzi eta proposamen zehatzak egin dituzte arazoei irtenbidea emateko eta jarduera fisikoa sustatzeko asmoarekin. Hala, ingurune urbanoa hobetzeko gomendio politikoen txostena helarazi zaio Bilboko Udalari. Tokiko ezagutza gizartearekin eta erakundeekin zabaldu da hainbat ekintzen bidez, hala nola, jardunaldiak, argazki-erakusketak, bideoa, webgunea, sare sozialak… Hau guztia berritzailea da osasun-arloko ikerketan: ezagutza zientifikoa lortzeaz gain, herritarren hiri-osasunaren inguruko kontzientzia indartu da, eta komunitatearen gaitasun kolektiboa bultzatu delako. 


ARTIKULUAREN EGILEAK

Ainara San-Juan-Escudero, Silvia Caballero-Sánchez, Julia Fernández-Alonso, Iratxe Pérez-Urdiales, Irati Ayesta Landaluce, Irrintzi Fernández-Aedo, Leyre Gravina Alfonso