Aingira europarrak nazioarteko kudeaketa koordinatu eta urgentea behar du

Mendeetan zehar, aingira europarra oso errotua egon da europar kulturan. 1980ko hamarkadaz geroztik, ordea, aingira europarraren populazioa gainbehera kritikoan dago, eta horrek galdera zail bat mahaigaineratzen du: nola ziurtatu epe luzerako kontserbazioa? Espezie migratzailea denez, bereziki konplexua da kudeaketa, eta zientzialariek argi dute: egoera honek nazioartean koordinatutako ekintza bateratua eta presazkoa eskatzen du.

Aingiraren Europako Araudiak hamarkada bat baino gehiago darama indarrean aingira europarra (Anguilla anguilla) babesteko ahaleginean. Baina, oraingoz, espezieak ez du leheneratzeko zantzurik erakutsi. Izan ere, bizi-ziklo konplexua du: Sargazoen itsasoan (Amerika) jartzen ditu arrautzak, eta handik etortzen dira larba txikiak Europaraino eta Afrikaraino. Korronteak baliatuz, 5.000 km-ko migrazioa egiten dute. Angula bihurtzean, ibaietan gora egiten dute, eta heldutasunera iristean, aingirek Sargazoen itsasora bidaia egiten dute bueltan, arrautzak jartzera. Zeharkatzen dituzten habitat horietan guztietan topatzen dituzte espeziearen biziraupena arriskuan jartzen duten mehatxuak.

Gehiegizko arrantzak, habitaten suntsiketak, kutsadurak, espezie exotikoek eta klima-aldaketak eraman dute aingira europarra egoera kritiko honetara

Bost dira mehatxu nagusiak: gehiegizko arrantza, habitaten suntsiketa eta ibaietan presek sortzen duten zatiketa, uraren kutsadura, uretako espezie exotikoak eta klima-aldaketa (besteak beste, korronte ozeanikoetan izaten ari den eragina). Bost faktore horien gurutzaketak oso egoera kritikora eraman du aingira europarra.

Espeziea berreskuratzeko saiakera ugari egin bada ere, ahalegin guztiak alferrikakoak izan dira. Zientzialariek uste dute, espeziea migratzaile handia izanik, eskualde mailako kudeaketa beharrean, nazioarteko kudeaketa bat behar duela. Europa mailako ikuspegia ere ez da nahikoa; Atlantikoko eta Mediterraneoko banaketa-eremuko herrialde guztiak barneratu beharko lituzke.

Kezka soziala

Alabaina, aingiren auziak lurraldetasunaz haragoko zailtasunak ere baditu: ez da ingurumen-erronka bat bakarrik, erronka sozial konplexu bat ere bada. Batetik, arrantzaleen artean kezka sortzen dute aingira leheneratzeko proposatzen diren neurri batzuek. Bestetik, aingiren populazioak osasuntsu egoteko, funtsezkoa da ibaietako presak eraistea eta ibaiaren konektagarritasuna leheneratzea. Eta horrek uraren kudeaketarekin, ondare historiko eta kulturalarekin, eta legearekin lotutako erronkak sortzen ditu. 

Kezka sozialaren aurrean, irtenbide tekniko alternatiboak proposatu izan dira –arrainentzako pasabideak sortzea, aingirak lekuz aldatzea eta arriskuetatik urrutiratzea…–, baina ez dira eraginkorrak izan. Ekosistemak birpopulatzea ere proposatu izan da, baina oraindik ez da aingira europarraren bizi-zikloa ugalketa artifizialaren bidez osatzerik lortu.

Ebidentzia zientifikoak eta orain arteko esperientziak kontuan hartuta, zientzialariek ez dute beste irtenbiderik ikusten: “zero arrantza” ezarri behar da, hori baita epe laburrean eragingo duena. Baina, auziaren konplexutasuna ikusita, kudeaketa- eta gobernantza-egitura koordinatuak sortzea proposatu da: lantalde mistoak, non zientzialariek, arduradun politikoek eta kudeatzaileek elkarrekin aztertuko duten aingiraren eskualde mailako eta nazioarte mailako stockaren egoera, eta elkarrekin ezarriko duten aurrera begirako bide-orria. Denen artean neurri eraginkorrak eta presazkoak hartu ezean, espezie enblematiko hau desagertu egingo da.


ARTIKULUAREN EGILEAK

Estibaliz Díaz, Cédric Briand, Javier Franco, Maria Korta, María Mateo, Hilaire Drouineau