Bere lehen zenbakirako ekarpenak jasotzeko deialdia zabaldu du InpAkta Inpaktu Sozialerako Ikerlanen Akta – Journal of Research for Social Impact aldizkari zientifikoak.

2024an zehar, jakintza-arlo guztietako lanak aurkeztu ahal izango dira, baldin eta ikerketak inpaktu soziala badu. Hau da, gure lurraldeko erronkei erantzuteko gizarteari, kulturari, ingurumenari edo ekonomiari nolabaiteko ekarpena egiten badio, edota nolabaiteko ekarpena egiteko potentziala badu.  

Ikerketa lanak euskaraz edo ingelesez aurkeztu ahal izango dira eta berdinen arteko ebaluazio-prozesu baten bidez berrikusiko dira. Ohikoa den bezala, ikerlanaren arlo espezifikoan adituak diren gutxienez bi ikertzaileengana joko da artikulu bakoitzaren errebisioa egiteko. Dagoeneko, prozesu hori gidatuko duen 50 profesionalek osaturiko erredakzio batzordea du aldizkariak. 

InpAktak bi ale argitaratuko ditu urtero 2025etik aurrera, baina artikuluak onartu bezain pronto sarean ere egongo dira eskuragarri. Horrek komunitateari sarbidea erraztuko dio, ale osoa argitaratu arte itxaron beharrik gabe.

Akitania Berria, Euskadi eta Nafarroako euroeskualdeko erakunde akademiko eta zientifiko nagusiek lagundutako irabazi-asmorik gabeko argitalpen-proiektua da InpAkta. Beraz, aldizkariaren eduki guztietarako doako sarbidea eskainiko da (Open Access). Egileek egile-eskubideak gordeko dituzte eta aldizkariari lehen argitaratzeko eskubidea emango diote Creative Commons lizentziapean.

Egileentzako gidalerroak esteka honetan daude eskuragarri. Aldizkariak ez du artikuluak bidaltzeko kargurik edo artikuluak prozesatzeko kargurik (APC) egingo.

Zero zenbakia, dagoeneko eskuragarri 

Aldizkariaren zero zenbakia 2023ko abenduan aurkeztu zen, Durangoko Azokan. 20 artikulu biltzen  ditu, horietatik 17 ingelesez eta 3 euskaraz, aldizkariak jasoko dituen ikerketa lanen erakusgarri.

Artikulu zientifikoez gain, ikerlan bakoitzaren laburpen dibulgatiboago bat ere prestatu da, Elhuyar fundazioarekin batera landuta, publiko zabalagoari edo akademiatik kanpoko agenteei zuzenduta, gure lurraldeko hiru hizkuntza ofizialetan eskuragarri dagoena.