Argazkia: Nagore Prieto

 

Punta Begoñako grafitietan garbiketa kimiko selektiboa egin behar da

Punta Begoñako Galerien eraikin historikoa zaharberritzeko lanak abiatu nahi dira. Horretarako, beste hainbat urratsen artean, denborarekin egin diren grafitiak kendu nahi dituzte. Grafitien pigmentuak eta aglutinatzaileak aztertzeko ikerlan honetan, garbiketa-metodo egokienak kimikoki bilatu dituzte, lanari ekin baino lehen. Zaharberritze historikoak baliabideak behar ditu, prozesuak ez baitira sinpleak izaten.

Punta Begoñako Galeriak Getxon daude, Bizkaian, itsasoaren ondoan. Denbora luzea eman dute utzita, eta grafiti asko egin dira paretetan. Galeriak zaharberritzearen ikuspuntutik, horrek esan nahi du pigmentuen geruza asko daudela paretetan bata bestearen gainean. Gela nagusian, gainera, grafitiak jatorrizko margolan batzuen gainean daude. Hain zuzen ere, zaharberritze-prozesuaren zailtasunetako bat da margolanak hondatu edo galdu gabe kentzea grafitiak.

Askotan garbiketa-prozesu horiek saiakuntzan eta errakuntzan oinarritzen dira, baina kasu honetan beste estrategia bat proposatu dute adituek. Ikerketa batean, grafitien pigmentuak eta aglutinatzaileak aztertu dira. Batetik, haien osagaiak identifikatu dituzte. Bestetik, denboraren efektua ere aztertu dute ikertzaileek, inguruak pigmentuetan kutsatzaile atmosferiko batzuk txertatu eta zenbait korrosio-prozesu eragin baititu. Hori guztia argituta, ikertzaileen lanak oinarri bat ezarri du metodologia kimiko bat prestatzeko, garbiketari ekiteko.

Ikerketaren deskribapena

Emaitzetatik argi geratu da Punta Begoñako Galerietako grafitiak 15 esprai ezberdinekin egin direla, nahiz eta esprai komertzialen osagaien informazioa ez den publikoa. Informazio hau eskuratzeko, kimikari analitikoek ohiko bi teknika erabili dituzte: Raman espektroskopia eta X izpien fluoreszentzia.

Lehenengo teknikak pigmentuen molekulak identifikatzen ditu, argi infragorriaren bitartez. Osagai nagusiak topatuta, ikertzaileek jakin dute esprai komertzial ohikoenak erabili izan direla grafitietan. Haietaz gain, hirugarren markako espraien pigmentuak identifikatu dituzte. Bigarren teknikak metal-atomoak identifikatzen ditu, eta, analisi horretan, espero zitekeen emaitza bat nabarmena izan da; Punta Begoñako grafitien pigmentuetan titanioa da nagusi, titanio oxido moduan. Esprai erabilienen pigmentuetan da ohikoa titanio oxidoa.

“Punta Begoñako grafitiak garbitzea zaila da, jatorrizko margolanak hondatu edo galdu gabe”

Kolore bakoitza metal bati lotuta dago. Hala ere, oso merkatu aldakorra da; etengabe ari dira espraietan osagai berriak merkaturatzen, eta horrek zaildu egiten du pigmentuen identifikazioa. Gainera, itsasoak berak askatutako aerosolek elementu gehiago utzi dituzte bai grafitietan bai eta Punta Begoñako paretetan ere.

Punta Begoñako Galerietako gela nagusiko grafitiek pigmentu-geruza asko dituzte, osagai organiko eta inorganiko asko, eta, beraz, garbiketa-lana ezin da erraza izan. Alde batetik, ikertzaileek proposatu dute urrats askoko garbiketa-prozesu bat egitea, geruza bakoitza kentzeko berezko produktu bat erabilita. Bestalde, eskuratu duten informazioa eskuragarri jarri dute. Eta esprai komertzialen osagaien datu-base ireki baten beharra azpimarratu dute.