iStockphoto
Mikropoluitzaileak araztegietan pandemiaren ondoren
COVID-19aren itxialdian, asko handitu zen botika terapeutikoen erabilera, birusaren aurkako tratamendu berezirik ez zegoelako. Botika horiek, askotan, uretara joaten dira, eta hondakin-uren tratamendu-zentroetan azaltzen dira, uraren analisi kimikoan. Substantzia horiek berriak dira araztegietan, eta metodo berriak bilatu beharko dira urak garbitzeko. Arazte-teknika berriak eskuragarri daudenean, haiek inplementatzeko baliabideak jarri beharko dira.
Pandemian zehar, Europan araztegietako urak analizatu izan ziren, bai birusaren hedapen geografikoari jarraitzeko, bai eta ustezko mikropoluitzaile berriak bilatzeko ere. Euskadin ere egin zuten; ikertzaile-talde batek bi araztegitako urak analizatu zituen, Crispijanakoa Araban eta Galindokoa Bizkaian, 2020ko apiriletik uztailera bitartean.
Zehaztasun handiko analisien bitartez, substantzia askoren aztarnak detektatu zituzten, hondakin-urak tratatzeko instalazioak ez baitziren eraginkorrak substantzia horiek desagerrarazteko. Kasu batzuetan, substantzien kontzentrazioa ohi baino handiagoa zen; medikamentu antibiralena eta antimikrobianoena, adibidez. Gainera, analisi horien emaitzek adierazten dute antsiolitikoen erabilerak gora egin zuela, bai eta legez kontrako zenbait drogarenak ere. Egoera berriak substantzia berriak ekarri ditu araztegietara, eta arriskua dago substantzia horiek ez detektatzeko. Beraz, analisi-teknikak berak ere aztertu behar izan dira, ahalik eta mikropoluitzaile gehien atzeman ahal izateko.
“Araztegietan botiken aztarnak areagotu dira, eta arriskua dago substantzia horiek ez detektatzeko”
Pandemiaren eragin kimikoa
Crispijanako eta Galindoko araztegietan, ur-laginak hartu, iragazi eta molekulak oso zehaztasun handiz identifikatzen dituen teknika batez aztertu ziren: substantziak likido-kromatografo batez banatu eta gero, banaka identifikatu ziren masa-espektroskopiaren bitartez.
Bi araztegietan antzeko substantziak topatu dituzte. Gehienbat, produktu farmazeutikoak dira, baina bestelako substantzia asko ere badaude: estimulatzaileak, pestizidak, hormonak, produktu industrialak, suaren kontrako produktuak eta abar. Ohiko medikamentu batzuk ohi baino kontzentrazio altuagoetan azaldu dira, azetaminofenoa (parazetamola), metformina (diabetesaren kontrako botikarik ohikoena) eta kafeina, adibidez. Beste batzuk lehen aldiz azaldu dira Euskadiko araztegi batean. Arreta berezia jaso du COVID-19a tratatzeko ahaleginen ondorioak. Ustezko tratamendu berriei lotutako substantziak agertu dira lehen aldiz araztegietan, hidroxiklorokina eta lopinavir esate baterako. Gainera, antipsikotikoen kopuruak ere handitu dira, eta gauza bera gertatu da legez kanpoko droga batzuekin ere, anfetaminarekin eta ketaminarekin adibidez.
Aztertu behar da substantzia horiek ingurumenean kalte egiten ote duten; alegia, haien biotoxikotasuna neurtzeko irizpideak ezarri behar dira. Oro har, molekula bakoitzak berezko inpaktua du.
Araztegietan, helburua da substantzia horiek uretatik kentzea. Hain zuzen ere, arazte-teknikak garatu, eta etorkizunean teknika horiek inplementatzeko baliabideak jarri beharko dira.