Argazki propioa

 

Ibaietatik itsasora iristen den zaborra kudeatzeko gakoak

Ibaietatik itsasora iristen den zaborra kudeatzea oso prozesu konplexua da. Parte bat itsaso zabalera iristen da, eta beste parte bat itsasertzean pilatuta geratzen da. Zaborren dinamikan eragiten duten faktore nagusiak identifikatu dituzte: ibaiaren inguruko lurren erabilera, ozeanoaren korronteak, fenomeno meteorologikoak, zaborraren flotagarritasuna eta urtaroa. Kutsadura handiko ibaietan faktore hauek guztiak monitorizatuta edukitzea lagungarri izango da agintarientzat larrialdiko erantzunak emateko estrategiak diseinatzeko.

Ibaietako zaborra kudeatzea erronka garrantzitsua da itsasoko eta kostaldeko ekosistemak babesteko. Itsasorako bide naturalak izanik, zaborraren kudeaketa eskasagatik ibaietara iristen diren arrasto guztiek itsasoan barreiatuta amaitzen dute. Ikerketek erakutsi dute ibaiek ekarritakoa dela ozeanoan dagoen plastikoaren % 80, eta hiriguneetako ibai txikiak seinalatzen dituzte erantzule gisa. Europak berak 307-925 milioi zabor flotagarri askatzen ditu ozeanoan urtero, hiriguneetako ibaien bidez.

Europako itsasoetan, Bizkaiko Golkoaren hego-ekialdea da itsasoko zabor flotagarria pilatzen den gune esanguratsuenetako bat. Ez da erraza arazoa kudeatzea, ez baitago argi zaborra nondik eta nola datorren. Udalerriek kudeaketa-irizpide argiak izan ditzaten, zortzi ibaietako zaborraren dinamika aztertu da ikerketa honetan: Deba, Urola, Oria, Urumea, Oiartzun, Bidasoa, Urdazuri eta Aturri. Zaborraren ibilbidea monitorizatzeko, frekuentzia altuko lurreko radarrak eta buia flotagarriak erabili dira.

Zaborraren dinamika konplexua

Konplexutasun handia du zaborraren dinamika ulertzeak, faktore askok baldintzatzen baitute. Hasteko, ibaien formak, sakonerak eta ur-emariak. Baina inguruko lurren erabilerak eta biztanle-dentsitateak ere eragingo du ibairatzen duten zaborraren izaera eta kantitatean. Era berean, Euskal Herriaren mendebaldeko ibaiek 7-24 km-ko plataforma kontinental estua izaten dute itsasoratzen direnean, baina 70 km-ko plataforma zabala Landetara hurbildu ahala. Plataforman sortzen diren korronteak ere intentsitate eta iraupen handikoak izaten dira neguan eta udazkenean, eta txikikoak udaran.

Konplexutasun horren barruan, ondorio argi batzuk atera dituzte ikertzaileek: gure ibaiek garraiatzen duten zabor flotagarriaren % 95 plastikoa da. Haien artean, ohikoagoak dira flotagarritasun txikikoak (esaterako, plastikozko poltsak) flotagarritasun handikoak baino (hala nola botilak). Haizeak batez ere flotagarritasun handiko zaborra mugiarazten du; beraz, euskal kostaldean itsasoratzen den zaborrean eragin handiagoa dute azaleko korronte ozeanikoek haizeak berak baino.

“Zaborraren dinamika ikusita, beharrezkoa da mugaz gaindiko koordinazioa diseinatzea”

Flotagarritasun handiko zaborrak oso azkar mugitzen dira haizearen bidez, baina udaran partikulen % 97 itsasertzean harrapatuta geratzen dira astebeteren buruan. Udazkenean, % 54ra murrizten da trabatuta geratzen den zaborren tasa. Flotagarritasun txikiko zaborren kasuan, ordea, % 25 baino gutxiago geratzen dira harrapatuta. Gehienak itsaso zabalean barreiatzen dira.

Ondorioz, zabor-kontzentrazio altuenak Euskal Herriaren ekialdeko muturrean eta udaran hautematen dira, eta flotagarritasun handiko zaborrez osatua egoten da.

Ikertzaileek argi dute ezen, ibaietako eta itsasoko zaborrak desagerrarazteko, ezinbestekoa dela lurreko zaborra murriztu eta tokiko hondakinen kudeaketa hobetzea, politika eta araudi zorrotzagoak ezarriz. Horrekin batera, ibaietako zaborra itsasora ez iristeko neurriak hartzeko gomendatzen dute. Alabaina, jada itsasoratzen ari den zaborra modu eraginkorrean jasotzeko, ezinbestekoa ikusten dute ikerketa honetan identifikatutako dinamika kontuan hartzea.