https://ndla.no/subject:6e2e2319-cb8a-4dd2-b382-e30f001633bb/topic:2ff2e20b-aead-4ce3-9ee5-17a04acd51f4/resource:bcd44de9-118f-4a87-90e8-850e3368e2ad

 

Gazteak eta COVID-19aren txertoarekiko jarrera: adinak eta gurasoen ikasketa-mailak baldintzatzen dute haien iritzia

Birus baten pandemiaren erdian, populazioaren txertaketa orokorra bilakatu da talde-immunitatea lortu eta pandemia amaitzeko estrategiarik eraginkorrena. Horretarako, beharrezkoa da erresistentzia erakusten duten giza taldeak identifikatzea eta haien kezkei erantzun bat ematea. Gazteen artean, gazteenek eta ikasketa-maila baxueneko gurasoak dituztenek erakutsi dute txertoekiko erresistentzia handiena. Ezinbestekoa da gazteen erresistentziak kontuan hartzea kanpaina publikoak diseinatzeko garaian.

Pandemian zehar, behin baino gehiagotan ikertu da helduek txertoekiko zer-nolako jarrera duten, baina apenas egon da daturik gazte eta haurren iritziaz. Helduei galdetu zaie seme-alabak txertatzeko asmoaren inguruan, baina ez da aztertu nerabeen beren iritzia. Eta bada adin-tarte zabal bat non, gurasoen zaintzapean izanik ere, iritzi propioa erakuts baitezakete eta erabakiaren parte izan. Beraz, garrantzitsua da haien iritzia aztertzea. Batez ere, haur eta nerabeen eskolaratzea eta txertaketa oso eztabaidatuak izan direlako pandemian zehar. Eta txertoak 16 urtetik beherako gazteentzat beranduago baimendu izanak hutsune bat sortu duelako immunizatutako populazioan, eta talde-immunitatea lortzea eragotzi.

Gazteen iritzia berariaz aztertu denean, ikusi da % 68,3k txertatzeko asmoa zutela, % 15 zalantzan zeudela eta % 15ek ez zutela txertoa hartu nahi. Datuek txertoekiko jarrera orokor ona uzten dute agerian, helduen txertatzearen aldeko tasaren (% 70) oso antzekoa.

Adina eta gurasoen hezkuntza-maila

Gazteen iritzian ez dute generoaren araberako desberdintasunik ikusi, baina bai adinaren araberakoa: gazteenek dute txertoarekiko errezelorik handiena. Eta bigarren aldagai garrantzitsu bat nabarmendu da: gurasoen hezkuntza-mailak zuzenean eragiten du gazteen txertoarekiko iritzian. Guraso bietatik bakarrak ere unibertsitate-mailako ikasketarik ez duten gazteek erakutsi dute errezelorik handiena. Ikasleek emandako datuen arabera, % 26k ez dute unibertsitate-mailako hezkuntza duen gurasorik, % 29,8k bakarra dute eta % 28,8k bi gurasoak.

“Errezelo handiena erakusten duten talde sozialen kezkei erantzun bat ematera bideratu behar dira kontzientziazio-kanpaina publikoak”

Bestetik, gazteen % 15k aitortu dute gaitz kroniko bat duela —asma, alergia, arreta-defizitak eragindako nahasmendua eta hiperaktibitatea, besteak beste—, eta horrek txertoekiko iritzia baldintzatzen ote duen jakin nahi izan da, talde zaurgarri moduan identifikatu izan baitira. Baina ez da desberdintasun esanguratsurik ikusi batzuen eta besteen artean.

Beste ikerketa batzuen arabera, txertoen segurtasuna, balizko albo-ondorioak eta beste pertsona batzuek txerto hori gehiago behar dutela pentsatzea dira zalantza-eragilerik handienak txertoa hartzeari dagokionez. Txertoa jasotzearen aurrean zalantza erakutsi duten % 15 horiek dira informazio-kanpaina publikoen itu nagusia, gerta bailiteke txertoa hartzearen alde egitea informazio egokia emanez gero eta lasaitasuna transmitituz gero.

Garrantzitsua da txertoa hartzeko errezelo handiena erakusten duten taldeak identifikatzea eta haien kezkei erantzun bat ematera bideratzea kontzientziazio-kanpaina publikoak.