iStockphoto

 

Kannabinoideek in vitro ugalketaren eraginkortasuna hobetu dezakete

Antzutasuna detektatzeko eta tratatzeko metodologia berriak aurkeztu ditu ikerketa batek, emakumeen sistema kannabinoide fisiologikoaren gabeziek ugalkortasunean eragiten dituzten arazoak identifikatu ondoren. Halaber, ondorioztatu dute kalamu landarearen osagai batzuek aukera eman dezaketela in vitro ugalketaren hormonazio-tratamenduak ekiditeko, zeinak oso gogorrak baitira emakumeentzat.

Animaliek kalamuaren antzeko osagaiak dituen sistema fisiologiko bat dute. Hau da, barne-sistema kannabinoide bat, zelulen arteko komunikaziorako sistema moduan funtzionatzen duena. Organismoko prozesu fisiologiko garrantzitsu asko kontrolatzen ditu. Besteak beste, ugalkortasuna. Obuluen eta espermatozoideen sorreran ez ezik, ernalketan, enbrioia umetokian ezartzeko prozesuan, plazentaren sorreran eta erditzean bertan dago inplikatuta.

Azken urteotako ikerketek erakutsi dute sistema endokannabinoidean gabeziaren bat izateak akats larriak eragin ditzakeela ugalkortasunean. Orain arte ikusi izan dute obulazioa atzeratzen duela, baina, orain, ikerketa batek erakutsi du obarioak hondatu, eta folikuluen zein obozitoen garapena ere eragozten duela. Beraz, uste dute sistema endokannabinoidearen gabeziak antzutasuna detektatzeko biomarkatzaile gisa erabil daitezkeela. Hartara, interesgarria izan liteke sistema endokannabinoidearen gabeziak detektatzeko probak antzutasuna detektatzeko ohiko probetan txertatzea. Baliteke, beraz, antzutasuna tratatzeko terapia berriak ere sortzea.

“Kalamuaren osagai aktiboek hormonazio-tratamenduak ekidin ditzakete, zeinak oso gogorrak baitira emakumeentzat”

Baina kannabinoide exogenoen aukerak ere aztertu dituzte, eta ondorioztatu dute kalamu landarearen osagai batzuk baliagarriak izan daitezkeela in vitro ugalkortasun-tratamenduetan.

Kalamuaren kontsumoak ugalketa galaraz dezake

Kannabinoide exogenoen kontsumo jarraituak kalteak sortzen ditu ugalketa-aparatuan. Kannabinoide exogenoek endogenoekin dituzten antzekotasunak direla medio, organismoko sistema endokannabinoideak erregulatzen dituen ugalketa-prozesuak asaldatzen ditu kontsumo horrek: arriskuan jartzen ditu enbrioiaren hasierako garapena eta biziraupena, eta gerta liteke haurdunaldia bertan behera gelditzea.

Alabaina, erabilera terapeutikoa ere izan dezakete, pazienteek beren sistema endokannabinoidean akatsak dituzten kasuetan. Zehazki, kalamuaren osagai psikoaktibo nagusiarekin egindako ikerketek frogatu dute alternatiba egokia izan daitekeela in vitro ugalketa-tekniken laguntza behar duten emakumeentzat.

Obozitoak in vitro heltzeko teknikan erabil daiteke. Oraindik gutxi erabiltzen da teknika hori in vitro ernalketan, baina interes handikoa da, egun erabiltzen diren tratamendu hormonal ohikoek albo-ondorio larriak eragin baititzakete: obarioen hiperestimulazio-sindromea eta bestelako arazoak. Beraz, emakume denentzat ez da gomendagarria halako tratamenduak hartzea. Obozitoak in vitro heltzeko teknikak, ordea, ez du halako tratamendu hormonalik behar, emakumeari obozitoak heldu gabe erauzi eta organismotik kanpo heltzen baitira. Ikerketa honek frogatu du kannabinoide exogenoek laguntzen dutela pazienteari erauzitako obozitoak laborategian heltzen.

Ondorio garrantzitsuak dira, emakume askoren osasunak ez baitu ahalbidetzen tratamendu hormonalak hartzea. Europan, urtetik urtera handituz doa in vitro ugalketa behar duten pertsonen kopurua; batetik, ugalketa-adina handitu delako, eta, bestetik, gero eta ohikoagoak direlako seme-alabak izan nahi dituzten guraso bakarreko familiak eta bikote homosexualak. Beraz, emakume askorentzat izan liteke alternatiba egokia.