Le Dauphin itsasontzian zegoen gutun baten kopia, 1757 (The National Archives, Londres). Argazkia: Isabelle Duguine (IKER, UMR5478)

 

Le Dauphin ontziko gutunak ikertzea, ezinbestekoa XVIII. mendeko euskara eta euskal gizartea ezagutzeko

Xabier Lamikiz ikertzaileak euskaraz idatzitako 47 gutun aurkitu zituen Londresko The National Archives-en, 2003an. 1757an Lapurdiko herritarrek Kanadako Louisbourge herrian bizi ziren senideei idatzitako gutunak dira, Le Dauphin ontziak zeramatzanak. Dokumentu historiko baliotsuak dira garai hartako Lapurdiko euskara eta gizartea ezagutzeko.

1757ko apirilaren 9an, Britainia Handiko hiru gerra-ontzik Le Dauphin itsasontzi frantsesa harrapatu zuten. Gerra betean, Baionatik atera eta Atlantikoa zeharkatzen ari zen, Kanadarako bidean. Itsasontzia ez ezik, barnean zeraman guztia bahitu zuten britainiarrek, dokumentazioa barne. Dokumentuon artean euskaraz idatzitako 50 eskutitz zeuden, Lapurdiko 48 bizilagunek Kanadako Louisbourg herrian zeuden 45 pertsonari idatziak.

“1757an euskaraz idatzitako gutunak dokumentu historiko baliotsuak dira, garai hartako euskara jasoa zein soilaren ezaugarriak ezagutzeko”

Kortsario-ontzia izanik ere, merkataritza-lanak egiten ari zen bidaia hartan Le Dauphin. Donibane Lohizune, Azkaine, Urruña, Ziburu, Senpere eta inguruko beste herri batzuetako marinelak ziren gehienak. Gutunak Lapurdiko 35 emakumek eta 12 gizonek idatzi zituzten, eta hartzaileak Euskal Herritik Louisbourgera joandako gizonezkoak ziren, batez ere. Semeari, senarrari, anaiari zein adiskideei idatzitako gutunak dira gehienak. Besteak beste, herriko albisteak emateko, heriotzak jakinarazteko, gerraren berri emateko, zerbait debekatzeko edo baimena emateko idazten zieten. Baina haserrea ere adierazten zuten askok, eta kexu ziren laguntza ekonomikorik ez bidaltzeaz, “beste aldean” amodioak izateaz eta gutunek erantzunik ez jasotzeaz.

Informazio baliotsua eskura

Ikertzaileen ustez, garai hartako euskara aztertzeko baliabide baliotsua da Londresko The National Archives-en aurkitutako dokumentazioa: euskararen ortografia, lexikoa, morfosintaxia, estiloa eta bestelako ezaugarriak aztertzeko aukera ematen du. Bestetik, garai hartako literaturan erabiltzen zen euskara jasoaren eta herritar soilek idazten zutenaren artean zenbateko aldea zegoen ikus daiteke. Nolabait, garai hartan zer nolako alfabetizazio-maila eta eskolaratzea zegoen ondorioztatu daiteke. Beraz, XVIII. mendeko Lapurdiko gizartea nolakoa zen jakiteko ere baliagarria da.

Londresko artxiboan oraindik aztertu gabe dagoen dokumentazioa begiratzea interesgarri jo dute ikertzaileek, informazio osagarria lor daitekeelakoan. Esaterako, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako herritarrek ez bezala, hegoaldeko probintzietako euskal herritarrek gaztelaniaz idazten zituzten gutunak, beren artean euskaraz mintzo ziren arren. Londresko dokumentazioa aztertzeak horri buruzko datu gehiago argitu ditzakeela uste dute ikertzaileek. Izan ere, 1652 eta 1815 bitartean konfiskatutako 160.000 gutun daude gordeta, eta, Europako hainbat hizkuntzatan daudenez idatziak dokumentuak, aberasgarria izan daiteke beste hizkuntzetako eta beste eremuetako idatziekin konparatzea.