iStockphoto

 

Diseinu Partizipatibo Erradikala: parte hartzeko prozesuen erdigunean komunitatea jartzen duen metodologia eraginkorra

Gizartean egituratzen diren parte hartzeko ohiko prozesuetatik harago doan metodologia bat da Diseinu Partizipatibo Erradikala (DPR), erdigunean pertsona jarri beharrean komunitatea bera jartzen duena. Prozesu luzeak izaten dira halakoak, baina frogatu da gai direla gizartearen krisiei erantzun berritzaileak eta integralak emateko. Arrakasta bermatzeko beharrezkoak diren gakoak dakartza ikerketak: botereari uko egitea, erakundeen erresistentziari erreparatzea, pribilegioei begiratzea eta zapalketek eragindako traumak zaintzea.

Artikulu zientifiko honek DPR metodologia berritzailea aztertu du, eta egungo krisi sozialei aurre egiteko baliatzea proposatzen du, izan ingurumen-krisia, pobrezia-zikloak eta krisi ekonomikoak zein gatazka sozial askotarikoak (arrazismoa, etnozentrismoa…). Izan ere, krisi horiei aurre egiteko, ez dira nahikoa norbanakoek modu indibidualean egin ditzaketen aldaketak, komunitate mailakoak izan behar dute. Beraz, erabakiak komunitate mailan hartzeko prozesuak bideratzea eta ekintza kolektiboak planteatzea du helburu DPRak.

Ohiko metodologia partizipatiboen aldean, norbanakoen partaidetza erabat erradikalizatzea proposatzen du DPRak. Inklusiboa izateaz harago, non jatorri, adin, esperientzia eta ikuspegien dibertsitatea bilatzen baita, komunitateko norbanakoak prozesuko kide oso bihurtzen ditu, diseinatzaileen maila berean kokatuta, ahots eta erabakimen-maila berarekin. Ondorioz, diseinuaren fase guztietan aktiboki hartzen dute parte, hasi definizio-fasetik eta inplementazio-faseraino. Egindako lana berdin ordaintzen zaie komunitateko kideei eta diseinatzaileei.

“Gizartean boterea erakunde eta pertsona jakin batzuetan egituratzen denez, ezinbestekoa da haiek botereari uko egitea”

Diseinatzaileek botereari uko egitea da prozesuaren gakoetako bat. Ez badiete benetako ahalmena ematen komunitateko kideei edozer aldatu eta erabakitzeko, ez da DPR prozesu bat izango. Gizartean boterea erakunde eta pertsona jakin batzuetan egituratzen denez, ezinbestekoa izaten da etengabe egitea botereari uko egiteko ariketa kontzientea, bai erakundeek, bai diseinatzaileek eta baita norbanako pribilegiodunek ere. Boterea duenak ez du besterik gabe askatzen boterea.

Pribilegioak eta zapalduen traumak

Prozesu horietan, ezinbestekoa da pribilegioen kontzientzia izatea. Pribilegioan eta desabantaila-egoeran dauden pertsonak elkartu eta botere-maila berean kokatzen direnean sortzen da komunitatearen potentzialik handiena. Alabaina, kontuan hartu behar da komunitate kolonizatu, zapaldu eta baztertuetako kideek bizipen traumatikoak izaten dituztela askotan; beraz, prozesua bideratzen duten diseinatzaileek gai izan behar dute trauma-seinale horiek identifikatzeko eta zaintzeko, kide horiek ahalduntzeko.

Bestetik, ikerketak ondorioztatu du garrantzitsua dela prozesuei behar adina denbora ematea. Komunitatearen erritmoa errespetatu behar da, eta funtsezkoa da pazientzia eta malgutasuna izatea. Parte hartzeko ohiko prozesuak baino luzeagoak izaten dira honelakoak, normalean.

Baldintza horiek guztiak bermatuz gero, komunitateko kideek beren jakinduria eta kezkak mahaigaineratzen dituzte, eta prozesutik ateratzen diren irtenbideak integralagoak eta jasangarriagoak izaten dira. Beraz, oso baliagarriak izan daitezke egun gizarteak dituen krisialdi sozial, ekonomiko eta klimatikoei erantzun bat emateko.