iStockphoto

 

Etorkin latinoamerikarrek “ongizatearen paradoxa” pairatzen dute

Latinoamerikatik iritsitako emakumeak paradoxa konplexu batean bizi dira Espainian: jatorrizko herrialdean geratu diren senideak ekonomikoki mantentzen dituzte, haien egoera ekonomiko eta soziala hobetzeko, baina beraiek Espainiako ongizate sozialeko oinarrizko zerbitzuetatik kanpo geratzen dira maiz. Beharrezkoa da haien lan-baldintzak hobetzea, zaintza-sistema publikoa indartzea eta zaintzaile profesionalak kontratatzeko diru-partiden egokitasuna berrikustea.

Europar Batasunean bizi den biztanleria migratzaile latinoamerikarraren % 49,1 Espainian finkatu da. Horretan eragin zuzena izan dute Espainiako biztanleria zahartzeak eta adinekoak zaintzeko sistema publikoaren gabeziek, gero eta etxeko langile gehiago behar baitira. Bestetik, migratzaile latinoamerikarrei besteei baino migrazio-politika laxoagoa ezarri izanak ere ekarri du gehienak Espainian finkatzea. 2020an, 454.000 etxeko langileetatik % 64 ziren emakume migratzaileak.

Aipatutako emakume latinoamerikarrentzat, Espainian egiten duten zaintza-lan profesionala ezinbestekoa da jatorrizko herrialdean geratu den familia-egitura ekonomikoki mantentzeko ere. Belaunaldi arteko ezkutuko akordioek behartu egiten dituzte guraso, aiton-amona, seme-alaba eta bestelako senideei dirua bidaltzera. Askotan, gainera, gerora ere, Espainian familia berria sortuta ere, ezkutuan egiten dute, fideltasunez.

“Etorkin latinoamerikarrek jatorrizko familiari eskaintzen dioten ongizatea nekez lortzen dute eurentzat Espainian”

Beraz, belaunaldien arteko akordio informal horien eta gero gerta daitezkeen bikote-hausturen arteko orekak baldintzatzen ditu emakume horien estatuz gaindiko babeserako estrategiak. Aldi berean, urrutiko amatasunak kostu emozional handia du emakume migratzaileentzat, jatorrizko herrialdean geratu diren seme-alabei behar duten arreta eta maitasuna eman ezin izateagatik. Horrek guztiak zaurgarritasun handiko egoera batean jartzen ditu emakume migratzaileak.

Alabaina, paradoxa betean bizi dira: jatorrizko familiari eskaintzen dioten ongizatea nekez lortzen dute eurentzat Espainian. Izan ere, Espainian lan-egonkortasunak eta erresidentzia-estatutuak ematen dute zerbitzu sozialetarako eskubidea; beraz, emakume migratzaile zaintzaileek ez dute izaten babes sozial formalik. Politika honek ez du ondo egituratzen ongizatearen hartu-emana.

Politika publikoen albo-ondorioak

Ikertzaileen ustez, politika publiko espainiarren eragin zuzena da “ongizatearen paradoxa”. Batetik, etxeko langileak kontratatzea sustatzen du, familiei laguntza ekonomikoak ematen baitizkie etxeko langileak har ditzaten, zaintza-sistema publikoa indartu beharrean. Eta, era berean, lan-araudiak blokeatu egiten du etxeko langile migratzaile horien oinarrizko zerbitzu sozialetarako eskubidea. Egiturazko faktoreek baldintzatzen dute haien ongizatea.

Beraz, ikertzaileek diote berraztertu egin behar dela egokiak ote diren etxekoen zaintzarako ematen diren diru-partidak, legedia-testuinguru horretan eragiten dituzten albo-ondorioak direla eta. Mantentzekotan, emakume migratzaile horien guztien baldintzak hobetzeko neurriak hartu beharko dira. Ezinbestekoa ikusten dute, halaber, zaintza-sistema publiko indartsu bat izateko neurri politikoak hartzea.