Argazki propioa
Ur-baliabideen kudeaketa: iturburuetako landarediak baldintzatzen du akuiferoen birkargatze-maila
Klima-larrialdiaren testuinguruan, datozen hamarkadetan lehentasunezkoa izango da lurpeko akuiferoen ur-erreserbak ondo kudeatzea. Azken ikerketek erakutsi dute akuiferoen inguruan dauden iturburuetako landarediak akuiferoen birkarga baldintzatu dezakeela: abeltzaintza-larreek eta baso helduek, ur gutxi kontsumitzen dutenez, akuiferoen birkarga errazten dute; baso-landaketa berriek, ordea, ur-kontsumo handia dutenez, eragotzi. Baso-kudeaketan paradigma-aldaketa ekar dezake honek.
Klima-aldaketaren proiekzioek aurreikusten dute iberiar penintsulan asko murriztuko dela ibaietako ur-emaria udan, lehorte gogorrek eta goi-mendietako elurra goizegi urtzeak eraginda. % 10-30 bitartean murriztuko dira ur-baliabideak mendearen erdialderako. Ondorioz, estrategikoa izango da lurpeko akuiferoak ahal den guztia birkargatzeko neurriak hartzea.
Ikertzaileek ikusi dute sistema hidrologikoak eta lurzorua estaltzen duen landaredia zuzenean lotuta daudela: deforestazioak eta baso-berritzeek inpaktu zuzena dute lurpeko akuiferoen birkarga-prozesuan. Larreak eta 100 urtetik gorako baso helduak dituzten iturburuek errazago birkargatzen dituzte akuiferoak, zuhaitz gazteez estalita daudenen aldean.
“Baso-masa handitze hutsak akuiferoen birkarga zaildu dezake, eta abeltzaintza larreek, aldiz, lagundu”
Izan ere, zuhaitzek, ebapotranspirazio-prozesuan, lurzoruko ura jasotzen dute sustraietatik eta ur-lurrun moduan askatzen dute, hostoetatik. Prozesu horrek lurzoruko hezetasuna kentzen du, eta akuiferoak birkargatzeko gaitasunean eragiten du. Zuhaitzek larreek baino ur gehiago kentzen diote lurzoruari, batez ere gazteaz direnean eta hazkuntza betean daudenean. Baso lehorrek ere ur asko kontsumitzen dute. Lainoa harrapatzen duten baso hezeek, ordea, akuiferoen birkarga eraginkorra lortzen dutela ikusi da. Lanaren egileek ikusi dute lurzoruaren estaldura aldatze hutsarekin erregimen hidrikoa sasoikoa izatetik iraunkorra izatera pasatu daitekeela, edo alderantziz.
Duela gutxi arte, herrialde askok jarraitutako baso-kudeaketak baso-masa handitzea hobesten zuen kasu guztietan, lurzoruaren higaduratik eta uholdeetatik babesteko estrategia eraginkorrena delako. Hidrologikoki sentikorrak diren arroetan, ordea, lehentasunezkoa izan daiteke akuiferoak birkargatzea erraztuko duen landaredia hobestea.
Mendiko artzaintza desagertzearen ondorioak
Mendi-eremu hezeak ganaduarentzako larre gisa erabili izan dira tradizioz, baina, gaur egun, abeltzaintza galtzen ari da eremu askotan. Ikerketek erakusten dute artzaintza-larreak galdutako eremuetan akuiferoen birkarga murriztu egin dela. Eragin bera du goi-mendietan zuhaitzak basoaren muga naturaletik gora landatzeak eta izurriteak ugaritzeak. Gune horietan guztietan artzaintzarako larreak berreskuratzeak maila freatikoa handitzea ekartzen duela ikusi da nazioartean.
Honek guztiak paradigma-aldaketa bat ekar dezake basoen eta baliabide hidrikoen kudeaketan. Ikertzaileek uste dute tokian tokiko lehentasunezko zerbitzu ekosistemikoei begira hartu behar direla erabakiak: eremu batzuetan, lurzorua higaduraren aurka babesteak izango du lehentasuna, eta, beste batzuetan, ur-akuiferoak betetzeak. Hidrologikoki sentikorrak diren arroetan, larreak berreskuratzea eta baso zaharrak babestea izango da lehentasuna.