Inpaktu soziala neurtzeko irizpideak

InpAkta ebidentzietan oinarritutako ikerketa lanak ingelesez eta euskaraz jasoko dituen aldizkari zientifiko bat da, eta aldi berean, gure lurraldeko erronketan ekarpena egin eta horretan inpaktu soziala duten gaiak lantzea bilatuko du. Tokiko inpaktuen kasuan, ikerketak eragina zehaztu duten testuinguru-faktoreak identifikatzea baloratuko da, ikerketaren gizarte-inpaktuaren erreplikagarritasuna errazteko. Eragin unibertsala duten lanak ere kontuan hartuko dira.

Aldizkarian jasotzen diren ikerketa lanen inpaktu soziala bi unetan eman liteke:

Ikerketa prozesuan bertan: lurraldeko erronkei aurre egiteko ekarpena edo eraldaketa ikerketa prozesuan ematen dela erakusten duten ikerketa lanak. Eragileen parte hartzean oinarrituta edota ikerketa ekintzaren antzeko gerturapenekin garaturiko ikerketak dira inpaktua ikerketa prozesuan bertan ahalbidetzen dutenak. Ikerketa ekintza, zehazki, eragileen parte hartzeaz gain, eraldaketa barne hartzen duten ikerketarako gerturapena da eta beraz, parte hartzea, ikerketa eta eraldaketa dira bere hiru oinarrizko baldintzak.

Ikerketa prozesuaren ondoren: inpaktua izateko potentziala duten ikerketa lanak edota ikerketa ondoren inpaktu hori izan dutenak. Batean edota bestean, autoreek potentzial horren edo dagoeneko izandako inpaktu horren aipamena egin beharko lukete Editoreari bidalitako Cover Letter-ean

Ikerketa-lanek inpaktu soziala dutela esan daiteke gure lurraldeko erronkei erantzuteko gizarteari, kulturari, ingurumenari edo ekonomiari nolabaiteko ekarpena egiten badiote, edota nolabaiteko ekarpena egiteko potentziala badute. Jarraian ekarpen zehatzen adibideak jasotzen dira[1]:

Gizarte-ekarpena

– Pertsonen bizitza-kalitatea handitzea edota ezberdintasunak murriztea helburu duten ekimenak. Adibidez, gaixotasunetarako tratamenduak, edota pobrezia-egoerak edo gizarte-bazterketa eta genero-indarkeria ekiditeko neurriak, bake eta bizikidetza sustatzeko ekimenak, bizitza-kalitatearekin edota gizarte- ezberdintasunekin lotutako erronkaren bat konpontzea ahalbidetzen duten produktu edo ezagutza berriak.

– Pertsonen gaitasunen garapenean ekarpena egiteko ekimenak. Adibidez, formazio-eskaintza berritzea, hobetzea edo eskuragarriago egitea, ikerketa-lanak formazioan erabiltzea, edota pertsonen ongizatean ekarpena egingo duten formaziorako hurbilketa berriak.

– Lurralde garapen jasangarrirako gizarte politiketan ekarpena. Adib. zerbitzu publiko berrien sorrera, politika/legedi/araudietan eraldaketak, policymaker-ekin ko-sortze prozesuak, politiken demokratizazio prozesuak

– Gizartearen eta hiritarren parte-hartze prozesuetan oinarrituriko ikerketa-lanak.

Ingurugiro-ekarpena

– Ingurugiro onura ekartzen duten produktu, zerbitzu, proiektu eta ezagutzak.

Baliabide naturalen ustiapena edota atmosferara, airera, lurzorura eta uretara egindako isurketekin lotuta dauden ikerketak. Adibidez, lurralde baten ingurumen-egoeraren azterketa; elikagaien eta biomasaren ekoizpena; itsas inguruneko zaborren pilaketa, edota isuriak eta irtenbideak aztertzeko ikerketak.

Trantsizio energetikoa laguntzen duten ikerketak. Adibidez, energia-merkatuen funtzionamendua hobetzeko azterketak, eraginkortasun energetikoarekin lotutako proiektuen emaitzak, edota mugikortasuna hobetzeko neurriak.

– Lurralde-garapen jasangarrirako ingurugiro-politiketan ekarpena. Adibidez, zerbitzu publiko berrien sorrera, politika/legedi/araudietan eraldaketa onuragarriak sorrarazi ditzaken ezagutzak, policymaker-ekin ko-sortze prozesuak, edota politiken demokratizazio prozesuak. 

Kultura-ekarpena

Euskal kultura eta euskalgintzan nolabaiteko ekarpena egin izana. Adibidez, proiektu berritzaileak, euskal kulturan horren garatuta ez dauden disziplinen garapena, diasporara zabaltzeko neurriak, kultur ondarea babestu, dinamizatu eta sustatzeko ideiak eta estrategiak

.

– Lurralde-garapen jasangarrirako kultura-politiketan ekarpena. Adibidez, zerbitzu publiko berrien sorrera, politika/legedi/araudien eraldaketak, policymaker-ekin ko-sortze prozesuak, edota politiken demokratizazio-prozesuak.

Ekarpen ekonomikoa

Kalitatezko enpleguaren sorrera, edota epe luzeko langabeen edota kolektibo zaurgarrien laneratzea ahalbidetzen duten proiektuak edota ezagutza.

Enpresen jarduera hobetzea, ESG (Environmental, Social and Governace) praktiketan sakonduz eta zaurgarrien diren enpresetan arreta jarriz edota hazkunde ekonomikoa eta ingurugiro eta gizarte jasangarriatasuna uztartuz.

Ekonomia zirkularra bultzatzen duten ikerketak. Adibidez, sinbiosi industrialaren edo birziklatze-prozesuen gaineko ikerketak.

Ekonomia sozial eta solidarioa bultzatzeko ekimenak.

– Garapen jasangarria ahalbidetzen duten ikerketa eta berrikuntza teknologikorako ekosistemak, eta fiskalitaterako ikerketak.

– Lurralde garapen jasangarrirako ekonomia politiketan ekarpena. Adib. zerbitzu publiko berrien sorrera, politika/legedi/araudietan eraldaketak, policymaker-ekin ko-sortze prozesuak, politiken demokratizazio prozesuak.

Jasotako ikerketa lanen inpaktu soziala ebaluatu eta kuantifikatzeko tresna arin bat sortu dugu ere, score bat emanez hauetako batzuk lehenestea ahalbideratuko duena honen beharrik egotekotan. Ondorengo orrialdean betegabeko tresna eta adibide bat emanda agertzen dira. Errebisio prozesuan erabiliko den tresna da hau.

[1] Deustoko Unibertsitatearen Research Social Impact ekimena dokumentu hau osatzeko oinarrietako bat izan da. Bestetik, inpaktu sozialerako adierazleak jasotzen dituen dokumentuak (GJH adierazleak.xls) adibid- zerrenda hau osatzea ahalbidetzen du. Adierazleen proposamena NBEren Garapen Jasangarrirako 17 Helburuetako bakoitzari lotutako 2030erako helburuetatik abiatzen da, eta Euskal Herriko lurralde-erronkei zuzenean loturikoak lehenesten dira. Excel hori osatzeko, hurrengo dokumentu hauek hartu dira kontuan: LLET Akitania-Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdearen Plan Estrategikoa (2021- 2027), Euskadi 2040 ekimena eta Nafarroako espezializazio adimenduneko estrategia. Behin betiko idazketa egiteko, Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Programa (2019-2023) erabili da, Garapen Jasangarrirako Helburuei dagokienez.