InpAkta Elkarteko fundatzaileak, eraketa ekitaldiaren egunean.

Bazkide fundatzaileen sinadurarekin eratu da Donostian InpAkta Elkartea, bereziki euskaraz egindako eta inpaktu soziala duten kalitate handiko ikerketa-lanak sustatzea, argitaratzea eta zabaltzea xede duena, InpAkta: Inpaktu Sozialerako Ikerlanen Akta – Journal of Research for Social Impact aldizkari zientifikoaren edizioaren bitartez.

Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko egoitzan elkartu dira elkartearen bazkide fundatzaile izan diren 12 erakundeetako ordezkariak: Igone Zabala Unzalu, Euskal Herriko Unibertsitatetik; Roldán Jimeno Aranguren, Nafarroako Unibertsitateu Publikotik; Nagore Ipiña Larrañaga, Mondragon Unibertsitatetik; Maria Jose Aranguren Querejeta, Deustuko Unibertsitatetik; Isabel Iribarren Maestro, Nafarroako Unibertsitatetik; James Wilson, Orkestra-Leihakortasunerako Euskal Institutotik; Diego Garrido Vidal, ADItech Fundaziotik; Gloria Totoricaguena Egurrola, Cenarrusa Foundation for Basque Culturetik; Lierni Ezenarro Asla, Agirre Lehendakaria Fundaziotik; Urko Aiartza Azurtza, Olaso Dorrea Fundaziotik; Naiara Goia Imaz, Arantzazulabetik; eta Aitor Bengoetxea Alkorta, Udako Euskal Herriko Unibertsitatetik.

Lehen zenbakia argitaratuta, bigarrena prest

2023ko Durangoko Azokan 0. zenbakiarekin aurkeztu zenetik, 1. zenbakia argitaratu da (2025eko abenduan) eta 2.a edizio bidean da, laster argitaratzeko prest. Lehen aleak lurralde antolaketa, gizarte antropologia, ingurumen zientziak eta jasangarritasunari buruzko ekarpenak jaso ditu, horietako hiru euskaraz, eta ia 800 deskarga metatu dituzte argitara eman zirenetik. Artikulu guztientzat, gainera, laburpen dibulgatiboak zabaldu dira euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez, aldizkariaren webgunean zein Mastodon eta LinkedIn plataformetako profilen bitartez. Aldizkariaren edizioaren bitartez, elkarteak euskarazko ikerketa sustatzea, eta euskarazko lanak nazioartean zabaltzeko bideak erraztea bilatzen du, besteak beste artikuluak ingelesera itzuliz edo aldizkaria inpaktu-indizeetan sartuz.

Inpaktu soziala duten gaiak aztergai

InpAkta: Inpaktu Sozialerako Ikerlanen Akta – Journal of Research for Social Impact aldizkariak pandemia ondoren egindako hausnarketan du jatorria, orduan azaleratu baitziren argi bai inpaktu sozial handia duten gaiak modu zientifikoan jorratzeko beharra, bai gizartearen beraren interesa ikerketan eta zientzian, batez ere ikerlan hauek guztioi eragiten diguten gaiak jorratzen dituztenean. Gizartearen eta ikerketa munduaren arteko zubi lan hau egiteko, ebidentzian oinarritutako diziplina orotako ikerketa lanak jasoko dituen aldizkari zientifikoa aurkeztu dute. Bost arlo nagusi jorratuko ditu aldizkariak: Natur Zientziak, Osasun Zientziak, Gizarte eta Giza Zientziak, Lurralde Antolaketa eta Teknologia. Arlo nagusi hauen barneko arlo espezifiko ezberdinetako ikerlanak jasoko ditu aldizkariak, beti ere gure lurralde edota gizartean inpaktu soziala izan badezakete.

Sustatzaileen ustetan, inpaktu soziala bi unetan gertatu liteke: ikerketa prozesuan bertan edo ikerketa prozesuaren ondoren. Eta maila ezberdinetan sor daiteke inpaktu hori: gizartearen partaide garen herritarrengan edota instituzioengan, adibidez hezkuntza, zaintza, garraio, kultura zein osasun arloetan politika publikoak erabakitzen dituzten erabakiguneetan, publiko zein pribatu.

Urtean birritan, euskaraz eta ingelesez

InpAkta aldizkariak urtean bi zenbaki kaleratzea da helburua. Ohikoa den bezala, ikerlanaren arlo espezifikoan adituak diren gutxienez bi ikertzailerengana joko da artikulu bakoitzaren errebisioa egiteko. Dagoeneko, prozesu hori gidatuko duen 50 profesionalez osaturiko erredakzio batzordea du aldizkariak. Open Access izango da InpAkta aldizkaria: Internetez sarbidea librea eta doakoa izango da argitaratutako edukietara. Ikerketa lanak (research edo review) euskaraz edo ingelesez aurkeztu ahalko dira. Eta artikulu zientifikoez gain, ikerlan bakoitzaren laburpen dibulgatiboago bat ere prestatuko da, Elhuyar fundazioarekin batera landuta, publiko zabalagoari edo akademiatik kanpoko agenteei zuzenduta, gure lurraldeko hiru hizkuntza ofizialetan eskuragarri egongo dena.