iStockphoto
Azukrearen gehiegizko kontsumoa: ondorio larriak eta globalak dituen arazoa
Azukrearen gehiegizko kontsumoak osasun fisikoan zein mentalean duen eragina xehetasun handiz aztertu da, eta ondorioak argiak dira: gaitz koronario gero eta ohikoagoak, depresioa, hiperaktibitatea, alergiak… Ikerketak emandako datuek arazoari aurre egiteko politika eraginkorrak garatzen lagundu dezakete.
Azukrearen kontsumoak osasunean duen eraginari buruzko ikerketa zientifiko nagusiak berrikusi dituzte lanaren egileek, eta datu kezkagarriak azaleratu dira: azukre asko kontsumitzeak, bereziki fruktosa duena, arazo endokrinoak, metabolikoak eta kardiobaskularrak eragiten ditu, nagusiki. Ondorioak ezagunak dira: obesitatea eta gaixotasun koronarioak, besteak beste. Baina bestelako osasun-arazoekin ere erlazionatuta egon daitezkeela ikusi dute: minbizia, gaitz neuropsikiatrikoak, hezurretako kaltzioa galtzea, gibeleko gaitzak eta alergiak.
Minbiziari dagokionez, ikerketatik ondorioztatu da lotuta egon daitekeela bularreko, prostatako, gibeleko, maskuriko eta endometrioko minbiziaren garapenarekin eta hedapenarekin, nahiz eta horri buruzko ikerketa gehiago egin behar den.
“Prebentzioa sustatzeko hezkuntza eta osasun publikoko politika eraginkorrak behar dira”
Gainera, azterlanak gehiegizko azukre-kontsumoaren eta gaitz neuropsikiatrikoen arteko loturari erreparatu dio, eta ondorioztatu du zerikusi zuzena izan dezakeela depresioarekin, arretaren defizitagatiko nahasmenduarekin eta hiperaktibitatearekin. Ikertzaileek dietaren eta osasun mentalaren artean dagoen erlazio zuzena azpimarratu dute, eta horrek esku-hartze sozialerako bide berriak ireki ditzakeela uste dute.
Haur eta gazteak jomugan
Ondorioak ikusita, ikerketaren egileek gomendatzen dute azukre gehigarriaren kontsumoa eguneko 25 gramo baino gutxiagora murriztea, eta arreta berezia jarri dute haur eta gazteek kontsumitzen duten edari azukredunen kantitatean. Edari azukredunak, gehienez, astean behin hartzea aholkatu dute, osasunean dituzten ondorio kaltegarriak arintzeko.
Azterketak azukrearen kontsumoari lotutako bizi-ohiturei buruzko datuak ere ematen ditu: edari azukredunak maiz kontsumitzen dituzten pertsonek, askotan, eredu dietetiko desorekatua izaten dute, tabakismorako eta alkohol-kontsumorako joera handiagoa, eta ohitura sedentarioak.
Ebidentzia zientifiko hauek garrantzi kliniko eta sozial handia dute, eta azukre gehiegi kontsumitzearen aurkako prebentzio-estrategiak garatzen lagundu dezakete. Ikerketaren egileek prebentzioaren alde egiten dute, eta, horretarako, hezkuntzaren bidez eragiteko eta osasun publikoko politika eraginkorrak ezartzeko eskatzen dute. Besteak beste, azukrearen gaineko zergak, elikagaien etiketen lege zorrotzak eta publizitateari eta marketinari mugak jartzen dizkioten arauak.