Argazki propioa
Munduko basoen % 40k soilik mantentzen du integritate ekologikoa
Giza jarduerek basoetan eragin duten kaltea kuantifikatzean, munduko bazter gehienetan basoen osasuna kolokan dagoela ikusi da. Basoek berezkoa duten egitura ekologikoa galtzean, planetari eta gizarteari eskaintzen zizkioten onurak ere galtzen dira. Beraz, lehentasunezkoa da integritatea mantentzen duten basoak babesteko neurriak hartzea.
Basoak funtsezkoak dira klima erregulatzeko, biodibertsitatea ahalbidetzeko eta gure ongizate orokorrerako, baina ebaluazio global honek datu kezkagarriak erakutsi ditu: giza jarduerak munduan geratzen diren basoen % 60 eraldatu ditu jada. Giza jardueren ondorioz basoek pairatutako zatiketak eta konektibitate-galerak, besteak beste, arriskuan jartzen dute basoetako ekosistemen integritatea, eta, ondorioz, baita basoek planetari eskaintzen dizkioten onurak ere.
Orain arte deforestazioa izan da kezka-iturri nagusia, baina ikertzaileek argi dute basoek pairatu duten eraldaketa-maila ere erabakigarria dela haien osasunerako. Hainbat giza jarduerak, hala nola urbanizazioak, bestelako giza azpiegiturek, nekazaritzak eta zuhaitz-mozketek, basoek berezkoa duten egitura galtzea ekartzen dute: espezieen osaera, zuhaitzen adin-aniztasuna, lurraren kalitatea eta basoen integritatea osatzen duten bestelako faktoreak. Ondorioz, planetarentzat funtsezkoak diren onurak emateko gaitasuna ere galtzen dute: karbonoa biltegiratzea, planeta ur garbiz hornitzea eta biodibertsitaterako beharrezkoak diren habitatak sortzea.
Europako basoekiko kezka
Ikertzaileen ustez, kezkagarria da Lurreko basoen % 40k baino ez izatea integritate-maila altua. Gainera, baso horiek planetako eskualde jakin batzuetan baino ez daude: batez ere, Kanadako iparraldean, Errusiako iparraldean, Amazonian, Erdialdeko Afrikan eta Ginea Berrian. Gainerako eskualdeek –Europak, Asiako hego-ekialdeak eta Hego Amerikak, besteak beste– integritate txikiko basoak dituzte gehientsuenak.
“Integritate handiko basoak kartografiatzeak baso horiek babes-plan berezietan sartzeko balio dezake”
Ikerketaren emaitzek erakusten dute lehentasunezkoa dela basoen integritatea bermatzeko neurriak hartzea. Hasteko, funtsezkoa da datu esanguratsu batzuk kontuan hartzea: une honetan, integritate handiko basoen % 27 baino ez dago eremu babestuen barruan. Beraz, gainerakoak babesteko neurriak hartu beharko lirateke. Eta, bestetik, eremu babestuetan dauden basoek ere integritate ertaina edo txikia dute, kasu askotan. Gaur egun eremu babestuetan egoteak ez duenez bermatzen basoen integritatea, babes-neurrien egokitasuna berrikusi beharko dela uste dute.
Ikerketak proposatzen du integritate handiko basoak babestea eta integritate ertain/baxukoak lehengoratzea. Horretarako, funtsezkoa da kudeaketarako estrategia eta politika eraginkorrak izatea, eskualde bakoitzaren testuingurura egokituak. Hasteko, integritate handiko bertako basoak kartografiatzea proposatzen dute, gerora baso horien balioa aitortu eta babes-plan berezietan sartzen direla ziurtatzeko. Bestetik, ezinbestekotzat jotzen dute politikariek basoen integritatea hobetzeko helburu zehatzak eta kuantifikagarriak ezartzea, eta gogorarazi dute integritate-galera saihestea gero basoak lehengoratzea baino estrategia hobea dela beti, zaharberritzea garestiagoa eta zailagoa delako.
Ezinbestekoa ikusten dute bide horri ekitea, betiere klima, biodibertsitatea, garapen jasangarria eta justizia soziala helburu dituen Nazio Batuen Erakundearen estrategia globalaren barnean. Bestelakoan, ikertzaileek uste dute ezingo direla bermatu etorkizuneko belaunaldientzat funtsezkoak diren zerbitzuak.